Famili artean Trapagaraneko bideak ezagutzeko proposamenak

Famili artean Trapagaraneko bideak ezagutzeko proposamenak

Abenduko zubia eta gabonetako oporrak ditugu gainean laster. Egun horietan, familian eta lagunekin egiteko planak bilatzen ibiltzen gara eta Trapagaranetik ibilbide ezberdinekin gozatzeko eskaintza egiten dizuegu.

Eguna pasatzeko bide paregabeak ditu gure herriak eta adin eta kirol maila ezberdinetan dauden pertsonentzako pentsaturik daude.

Lehen aukera bezala Trapagarango teilatuak deituriko ibilbidea proposatzen dizuegu. Honetan, 14,9 kilometroko ibilbide zirkularra egiteko aukera izango duzue. Ibilbide honek 1.021 metroko igoerako desnibela dauka eta lau ordu eta erdi inguru behar dira gauzatzeko. Trapagaraneko zentrotik hasita, Larreinetako auzora igoko gara non funikularra eta Santa Barbara eliza ikusi ahalko ditugu. Bertatik Parkotxa-Barrionuevo auzoa inguratuko dugu eta handik 514 metroko altuerarekin Trianoko mendien gailurra den Argalario mendiaren ondotik pasatuko gara. Bueltatzeko Peña Morako bidea hartu eta Trapagaraneko erdialdera bueltatuko gara.

Bide Berdea ere badaukagu aukera bezala. Ibilbide honek bi ordu eta erdiko iraupena dauka eta guztira 8,4 kilometro ditu. Ibilbide zirkularra kasu honetan ere baina 185 metroko desnibela baino ez dauka. Eskontrillako behealdetik zona altura pasatuko gara eta handik Caviako zabortegirako bidea hartuko dugu. Urzeilako tuneletik pasatu eta Las Losinas eskuinean utzita, Montalborantza jarraituko dugu. Bateriara heltzean hau inguratu eta San Jose eta San Andres auzoak pasatu ondoren, berriz ere Eskontrillara itzuliko gara.

Maila ezberdineko ibilbideak ditugu Trapagaranen eta hori dela eta, kirol gutxi egiten dutenentzako edota ibilbide lasaia nahi dutenentzako aukera ona eskaintzen dugu Granada ibaiko ibilbidearekin. Ordu eta erdiko ibilbide honek 5,9 kilometro ditu, 151 metroko desnibelarekin, eta aurreko ibilbidea bezala Eskontrillan hasten da. Behealdean kokatuta, San Antoneko zubira joango gara Urioste pasatuz ondoren. Bertatik Aretxabaleta utziko dugu ezkerraldean eta Landeta auzora helduko gara. Buelta eman eta Eskurto bidea hartuta 139 metro dituen El Cerro mendia inguratuko dugu. Aretxabaletatik sartu eta San Bernabeko auzoa pasatu ondoren berriz ere Eskontrillara helduko gara.

Ordu eta erdiko beste ibilbide bat Laberintoa deiturikoa da. Bertan 4,1 kilometro egingo ditugu eta 170 metroko desnibela aurkituko dugu. Zugaztietatik hasi eta baso errepidea hartuta, La Zarza meatzea inguratu eta El Cuadrora helduko gara. Hau inguratu eta berriz Zugaztietarako bidea egingo dugu, Lejana eskuinaldean utziz.

Nola ez, Trapagaranen meatze historia ahaztu barik, Meategi-aztarnak deituriko ibilbidea ere proposatzen dizuegu. Bertan hiru orduz Trapagaranen inguruko meatzeak ikusi ahalko dituzue. 405 metroko desnibelarekin, 8,5 kilometroko ibilbide hau Arbaltzagako mugarrian hasiko dugu. Bertatik El Cuadro eta Pastores peña inguratuko ditugu Urretako iturburura heltzeko. Hor gaudela, Saukoko baltsa pasatuko dugu Urallaga, Muniziaga eta Alhondiga ikusteko aukera ematen diguna. Ubieta eskuinaldean utzita PicoMayor inguratuko dugu berriz Arbaltzagara itzuliz.

Ibilbide erraza egiteko asmoa dutenentzako Eskulturen parkea deituriko ibilbidea gomendatzen dizuegu. Bide honek 3,5 kilometro ditu eta ordu bete eskasean burutzen da. 95 metroko igoerako desnibelarekin eta jaitsierako 82 metrorekin, ibilbide hau adin ezberdineko pertsonek egiteko pentsaturik dago. Atxaniegan kotxea utzi eta Parkotxa aintzira inguratuko dugu. Biondis aintzirara helduko gara eta bertan buelta bat eman ondoren Zugaztietarako bidea hartuko dugu Ostieneko putzutik pasatuz. Ibilbide errez honetan, aintzirak ikusteaz gain gehien bat burdinez eginiko eskultura ezberdinak ikusteko aukera izango dugu. Era honetan, kirola egiteaz gaindi kulturan murgiltzeko aukera ere izango dugu.

Gure ibilbideei bruruzko ifo guztia: https://trapagaranturismo.net/eu/ibilbideak/

Azaldutako ibilbide guzti hauez gain,  mountain bike, bizikleta, zikloturismo, oinez edota menditik korrika egiteko beste bide asko ere badaude. Trapagaran bisitatu duten pertsona askok euren ibilbideak asmatu eta hurrengoko estekan jartzen dituzte. Honek, Trapagaraneko izkina ezkutuak ezagutzeko aukera paregabea ematen du. Ibilbide berriak ikasi edo zuk egindakoak jarri nahi izan ezkero hurrengo esteka jarraitu: https://es.wikiloc.com/wikiloc/find.do?t=&d=&lfr=%3Co=&src=&act=all&months=&q=trapagaran

Animatu eta zatoz Trapagaranek dituen ibilbide ederrak ezagutzera!

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.